XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

D) ATEISMOAREN GAURKOTASUNA.

Hauek dira egungo gizonaren ezaugarri nabarienak: a) kritikaren zorrotza: sen horrek fedea bera eztabaidatzera darama, arrazoi zientifiko eta filosofikoaren baitan mugarik gabeko ustea ipintzera, erabateko ziurtasunak ukatzera.

b) Elkartasun-beharraren kontzientzia bizia.

Ondorioz, erlijioak erakusten duen idealarekin bat ez datozen eta barnetik ateismora daramaten konpromisu historikoak hartzea.

c) kontzientzia pertsonalaren garaipena.

Hots, erabateko autonomiaz agertu nahi den nor bakoitzaren duintasunarekiko sentiberatasuna.

Ondorioz, edozein mota eta mailatako menpekotasunen zapuztea.

Hemen ere ateismoaren atarian gaude.

d) Egungo ezaxolakeria eta axalkeria.

Gizon askok ez du bere buruarekin topo egiten.

Hortaz, nor bere baitan sartzeak ekar ditzakeen balioak ezin aurkitu.

Non da Jainkoa?.

e) Zarataren zibilizazioak harri eta zur gauzka.

Axaleko gogo eta desirak egunetik egunera biderkatu egiten ditu eta mila gauza jartzen.

Hor duzu, gainera, hiri handietako bakardade eta intimitaterik eza, izadiarekiko harreman zuzenen galera, gizarte-komunikabideen etengabeko erasoa, kontzientearen eta inkontzientearen mailan.

Atentzioaren esparru osoa beterik dago, ukigai, azaleko eta profano hutsak diren gauzez.

Zibilizazio honetan trabatu den gizonak gauza ukigarriak bakarrik estimatzen ditu, barruko balioak gutxiesten dituelarik.

Hala ere, egungo ateismoa ez da azaleko moda hutsa, giza egoera objektibo eta subjektibo berrien adierazpena baizik; oraina sakonki hozkatzen ari dena eta etorkizuna ere sakonean hozkatuko duena.

E) ATEISMOAREN GIZA DIMENTSIOAK.

Egungo ateismoa humanista da askotan.

Eta bere arazo nagusiena hauxe: nola lor gizakiaren betea?.